“Beste zibilizazio eredu bat plantan eman behar da, planeta errespetatzen duena.”
2009an hasi naiz Bizi!rekin. Lehen ekintzek halako bat egiten zidaten, gogoetagarriak eta xuxenak zirelakotz, eta batez ere euskara aitzinera emana zelakotz. Kopenhage-ko goi-bilera hurbiltzen zela, Bizi-ren bilkura batean parte-hartu nuen eta geroztik ahal dudan bezala laguntzen dut. Gaur egun itzultzaileen taldean ari naiz eta Bizirik irrati emankizunean parte-hartzen dut, baita artetan antolatzen diren ekintzetan ere.
Ni bezalako jende batzuekin biltzeak lasaitu nau, elkar trukatzen dugu, saiatzen gira jendartea sentsibilizatzen, bortizkeririk gabe.
Duela ez hain aspaldi utopistak edo ameslariak bezala ikusiak ginen. Orain onartuagoa da zerbait gaizki joaiten dela mundu honetan, desberdintasunak beti handitzen, bioaniztasuna eta baliabide naturalak murrizten, klima aldaketak bere eraginak areagotzen eta orain errefuxiatuek (klimatikoak laster, neurririk ez badira hartzen) Europako ateak jotzen …
Beste zibilizazio eredu bat plantan eman behar da, planeta errespetatzen duena. Erran nahi du, ene ustez, kapitalismo ero honetatik atera behar dela.