Joan den irailean, Bizi!ko 17 ekintzalarik 700 km egin dituzte Sudmine-eko Lehendakariari argiki erakusteko beren ezadostasuna: urre meategirik ez Euskal Herrian!
«Vallier, Sudmine-eko lehendakaria: zer zenioke zure etxera zilatzera jiten bagina?» zion banderola Bizi!ko kideek zabaldu dute Seichebrières-eko herrian duen bere etxe eta enpresaren egoitza nagusiaren aitzinean, bertan obrak plantan emaiten zituztelarik, pala mekanikoa lagun, eta horren bidez gaitzesten zutela 126 km²-ko eremu batean urre eta horri lotuak diren beste lehen gaien xekatze eta ustiatze baimen galdea. Ustiatze horrek sekulako kalte natural, sozio-ekonomiko eta sozialak ondorioztatuko ditu hiru Jatorri Deitura Gerizatuak, Kanboko ur onak, edateko on diren ur iturri eta azaleko ur bilguneak, Natura 2000 guneak, etab. dituen lurraldean. Militanteek herritar guziak sentsibilizatu dituzte eta haiei gomita luzatu diete urre meategien eremuko laborarien ekoizpenak zituen janari mahaira hurbiltzeko. Proiektu hori behar litaike datorren hilabetean baieztatua edo ezeztatua izan gobernuaren gandik. Lurra gure altxorra da eta Euskal Herriak ez du urre meategirik nahi. Ondorioz, lurraldea mobilizatua egonen da behar den denbora guzia, bertan ez dadin meategi proiektu bakar bat gauzatu.