Bizi!ren baitan sortu den azken talde tematikoak, Ekofeminismoa taldeak, ekologia, ekonomia eta feminismoaren arteko loturak lantzen ditu. Espainiako estatuan anitz garatua den ekofeminismoaren kontzeptua guti ezagutua da Iparraldean eta Frantzian. Alta, munduan zehar, emazteek dituzte gehienetan desarauketa klimatikoaren ondorio txarrak jasaten, usu horiek baitituzte etxeko lanak kudeatzen, zailagoak bihurtzen dituelako beroketa klimatikoak (ur eskasia, lur ezin landuak…). Ekofeminismoaren funtsezko ideia da badirela erlazioak gizakiak ingurumena ustiatzearen eta gizonak emaztea zapaltzearen artean. Bi zapalkuntza molde horiek, menperatzearen mekanismo beretik datoz eta biak batean borrokatu behar dira. Alternatiba 2018ren karietara, taldeak bere lehen lanak aurkeztu zituen, horietan ekofeminismoan ezagunak diren jende ospetsuen erakusketa (Vandana Shiva, Wangari Maathai…), hitzaldiak Aiala Elorrietarekin, Geneviève Azamekin, eta beste. “PAF” edo Emazteek diote bezalako tokiko elkarte feministek beren lekua ukan zuten. Gai hori ezagutaraztea da ekofeminismoaren helburua, alternatibak eta bortizkeriarik gabeko ekintzak erabakitzea, hala nola genero estereotipoak erabiliz gain-kontsumoa predikatzen duten iragarki sexisten kontra.