“Jendeak elkarrenganik isolatu (…) haiei zernahi sinetsarazteko”.
Noam Chomsky
Editoriala
Aspaldi huntan politikariek eta hedabideek jotzen duten burutik ezin kenduzko musika ttipi batek alegiazko oposizioak sortzeko xedea du, gure agintarien hutsegite gero eta ugariagoak hobeki gordetzeko.
Kantu arrakastatsu batek, immigrazioarenak, eskuin muturrak gustukoa duen leloa errepikatzen du, bertako jendeak etorkinei kontrajarriz. Alta, zientzia zehatza den demografiak etorkin ekarpen horren beharra erakusten du. MEDEFek ere oroitarazten du 2050erako lau milioi etorkin inguru beharko dituela Frantziako ekonomiak.
Ekologia eta laborantza ere elkarri kontrajarri dituzte, biak berez banaezinak diren bitartean.
Halaber hazkundearen dogma eta bioaniztasunaren babesarekin.
Bizi! bere ekintzekin eta bere ideien hedatzearekin saiatzen da datu batzuk berriz ezartzen, konbentzitzen oraino garaiz dela eta ez dela sekula uko egin behar.
Portreta
“Biziko militanteen hutsik gabeko inbestimendua esperantza iturri da gu guzientzat”.
Ziburun sortua, goizik joan nintzen Euskal Herritik, aitaren mutazio profesionalen arabera, baina lotura biziki azkarra beti atxiki dut lur horrekin (eta ozeano horrekin).
Bizi ezagutu nuen sortu zenetik eta 2016an kide egin nintzen…internet bidez. Badu zenbait urte Landes departamenduan bizi naizela, eta horrek doi bat presenteago izateko parada ematen dit.
2019az geroztik, Bizikutzuren erredakzioan parte hartzen dut, rol ezin hobea telemilitante batentzat! Emeki-emeki haren maketazioaz arduratu naiz, eta berriki koordinazioaz.
Berehala Bizi!-ren programa erradikal-pragmatikoak erakarri ninduen, haren ekintzek eta maiz arrakastaz defendatzen zituen kausek. Rol funtsezkoa du gure lurraldeko ingurumen erronken kontzientzia harrarazteko. Haren proposamenak sendoak dira (ikus argitaratu berria duen EH Burujabe lurralde proiektua), pertsona kalifikatuek pentsatuak (ikerlariak, irakasleak…) eta egiaztapen zientifiko ukaezinetan oinarrituak.
Biziki miretsirik nago Bizi!-ko militanteen inbestimenduaz, batez ere gazteenaz, beren energia eta denbora libre guzia proiektu hau eramaten ematen dutenak. Joan den urriko asteburuko ekitaldi handia horren erakustaldi bikaina izan zen.
Zinezko itxaropen iturria da, eredu eta motor gu guzientzat.
Kanpoko berri
Mugerreko hezeguneak arriskuan!
Bizik jakinarazten du Mugerreko azken hezeguneetako 12 hektarea laster suntsituko direla, Europar Pleitagunearen hedatze proiektuaren karietara. Lur horiek lurreztatuko dituzte bi metroko goratasunean, besteak beste Irlanda eta Espainia lotuko dituen tren autobide baten etorrera eta Enovis (lehengo DJO) mediku materialaren saltze enpresaren kokatzea burutzeko.
Bizik Mouguerre Cadre de vie elkartearekin eta Ingurumenaren aldeko elkarteen kolektiboarekin (CADE) bat egiten du, leku hori artifizializaziotik babestua izan dadin galdegiteko, eta horri buruzko petizioa izenpetzeko deia luzatzen du. Izan ere, antolaketa baimena izenpetu berria dute eta lurreztatze lanak laster has litezke.
Zergatik horri buruz mobilizatu? Lehenik, uholde arriskuak handituko liratekeelako. Erronka klimatikoaren arras kontrako proiektua ere baita! Mugerreko hezeguneen suntsitzea gure segurtasun klimatikoko sareen ahultzea da, jada leize hegian gaudelarik. Artifizializazioaren murrizketa zorrotza obratzeko orduan hautu ulertezina da!
Hedatze horrek gero eta kamioi gehiago ekarriko lituzke bideetan, trenbidearen interesa mendratuz. Bioaniztasuna ere arriskuan litzateke, hezeguneak habitata oso baliagarriak direlarik espezie mehatxatu eta babestu anitzentzat.
Otsailaren 8an, ostegunarekin, Bizi!-ko ekintzaileek 3 m³-ko lurmeta isuri zuten Mugerreko herriko etxearen sarreran, proiektu suntsitzaile horri ezetz errateko!
Bisita gidatua
Inception : Bizikutzuren alde gordea
Irakurtzen bagaituzu gaur egun, bortxaz itzalpean ari den Biziko talde bat ezagutzen duzu: hau da Bizikutzu. Bizikutzu harro da bere 51. edizioa ospatzeaz, 2015ean hasi zenetik.
Zinezko albistegi ttipi horrek, Bizi! -ren barne edo kanpo diren jendeei hainbat informazio eskaintzen dizkie. Hala nola eramandako azken ekintzei buruz, baita bidean diren lanei zein haien prestaketa-bilkurei buruz ere.
Beste albiste batzuek Bizi!-ren antolakuntza eta parte hartzaileen ezagutza egitea ahalbidetzen dute. “Kanpoko berri” sailari esker, hurbil ditugun problematikekin lotura egiten du.
Koordinatzaile, marrazkilari, idazle eta itzultzaileak elkarlanean ari dira 2 hilabetero Bizi!-ren biziaren laburpen bat eskaintzeko.
Newsletter moduan banatua zaie 6000 jasotzaileri, baina paperez ere aurki daiteke gure lokalean edo erakusmahaietan.
Parte hartu nahi baduzu, atea irekia zaizu!
Egin dugu!
Immigrazio legea salatu
Asilo eta immigrazio legearen adostasunari buruz Kontseilu Konstituzionalak emandako iritziaren bezperan, urtarrilaren 22ko arratsean, astelehenarekin, gure militanteek afixak kolatu zituzten Biarritzen eta Baionan, Vincent Bru diputatuaren eta Max Brisson eta Denise Saint-Pé senatarien ardura gogorarazteko lege horren bozkatzean.
Afixa horietan hiru hautetsien argazkiak ageri dira, baita “RN bozkatu du” hitzak ere, lege hau, neurri handi batean, Rassemblement National / Front National ideologian inspiratua dela salatzeko. Azalpen-afixa batean honako testu hau ageri da: “RN-ek hartaz amets egiten zuen… Gure begien aitzinean onartu dute. Asilo-immigrazio legeari EZ !”
Azkenean, legearen azken bertsioa osatzen zuten 86 artikuluetarik 35 zentsuratu zituzten Kontseilu Konstituzionaleko “Jakintsuek”. Bizik testua deitoratzen du, argiki eskuin muturrekoa delako, Frantziako klase politikoaren zati batek hartu bihurgune xenofoboaren sintoma, Ipar Euskal Herriko hautetsik bozkatu izana.
Alderantziz, Bizik atzerritarrekiko elkartasuna defendatzen du eta gure elkartearen oinarrizko balore hori berresteko, Bizi!n etorkinekiko elkartasunaz arduratzen den taldeak abenduaren 31n urtatseko besta solidarioaren bosgarren edizioa Patxokin antolatu zuen, arrakasta handiarekin: eguerditik 21:00etara jendeari harrera egin genion!
Hitzorduak
Martxoaren 6an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Biziren hilabeteroko topaketa, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Martxoaren 11n, astelehenarekin 18:30 – 21:00 Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Martxoaren 12an, asteartearekin 19:00 – 21:00 Garraiobide Alternatiboen aldeko lantaldearen bilkura, Bizi!ren lokalean, Kordelierren karrikako 22., Baionan.
Martxoaren 12an, asteartearekin 19:00 – 20 :30 Habitata-Etxebizitza lantaldearen bilkura, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Martxoaren 18an, astelehenarekin 19:00 – 21:00 Jakazan/k Biziren Logistika taldearen bilkura, Patxokian, Tonneliers-en karrikako 23bis-ean, Baionan.
Martxoaren 20an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Deskubritze-Aperitifa, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Martxoaren 20an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura, Bizi!ren lokalean, Kordelierren karrikako 22., Baionan.
Martxoaren 29an, ostiralarekin 19:00 – 21:00 Bizi! Barnekalde, tokiko taldearen bilkura, EHLGren egoitzan, Ainiza-Monjolosen.
Apirilaren 3an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Biziren hilabeteroko topaketa, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Apirilaren 8an, astelehenarekin 18:30 – 21:00 Begirale Ekologikoen topaketa, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Apirilaren 9an, asteartearekin 19:00 – 21:00 Garraiobide Alternatiboen aldeko lantaldearen bilkura, Bizi!ren lokalean, Kordelierren karrikako 22., Baionan.
Apirilaren 9an, asteartearekin 19:00 – 20 :30 Habitata-Etxebizitza lantaldearen bilkura, Manu Robles-Arangiz Fundazioan, Kordelierren karrikako 20., Baionan.
Apirilaren 15ean, astelehenarekin 19:00 – 21:00 Jakazan/k Biziren Logistika taldearen bilkura, Patxokian, Tonneliers-en karrikako 23bis-ean, Baionan.
Apirilaren 17an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00 Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura, Bizi!ren lokalean, Kordelierren karrikako 22., Baionan.
Apirilaren 26an ostiralarekin 19:00 – 21:00 Bizi! Barnekalde, tokiko taldearen bilkura, EHLGren egoitzan, Ainiza-Monjolosen.